Nerbio-sistema zentralaren estimulatzaile bat da. Mendekotasun handia sortzen du eta zuzenean eragiten dio garunari. Laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetako droga ere deitu izan zaio kokainari, urte haietan oso ezaguna zelako eta asko kontsumitzen zelako. Hala ere, ez da droga berria. Hain zuzen ere, droga zaharrenetakoa da kokaina. Substantzia kimiko purua, kokainaren klorhidratoa, duela 100 urte baino gehiagoz erabili izan da eta koka hostoak (bertatik ateratzen da kokaina), berriz, duela milaka urtetik kontsumitzen dira.
Kokaina normalean hauts zuri, xehe eta kristalino gisa saltzen da kalean. “Koka”, “elurra”, “dama zuria” edo “talkoa” ere esaten zaio kokainari eta “coke”, “C”, “snow”, “flake” edo “blow” ingelesez. Trafikatzaileek beste substantzia geldo batzuekin nahasten dute normalean —arto-irinarekin, talkoarekin edo azukrearekin, esaterako—; baita droga aktiboekin ere, adibidez, prokaina edo lidokainarekin (antzeko konposizio kimikoa duen anestesiko lokala) edo beste estimulatzaile edo pizgarriekin ere, anfetaminekin esate baterako.
ONDORIOAK
Kokainaren eraginak 45 eta 90 minutu artean irauten du. Sudurretik 100 miligramoko dosia esnifatu eta bizpahiru minuturen buruan izaten da euforiarik handiena, baina hogei minutu edo ordu erdi igaro ondoren desagertu egiten da.
Kokaina-dosi handiegia hartuz gero, euforiarekin batera ezinegona, paranoia eta gehiegizko jarduera psikomotorra sortzen dira. Hitz-jarioa berritsukeria nahasia bihurtuko da eta tentsioa barne-herstura. Batzuetan, gainera, eldarniozko ideiak edo psikiatrikoki tratatu beharreko jarduerak errepikatuko dira, maniak edo hipomaniak, esaterako.
Megalomania eta hipersexualitate-krisiak ere eragiten ditu. Kokaina kontsumitzen duenak ausart ikusten du bere burua, edozer garaitzeko gai dela uste du eta emozioak puzten ditu.
Psikoestimulatzaileek, kokainak besteak beste, euforia eragiten dute eta neurrian hartuz gero, garuna martxan jartzen dute. Kokainak tonu orokorra suspertzen du eta ulermena arintzen du. Horrekin batera, errendimendu mentala handitzen du eta depresioa murrizten du. Kontsumitzailearen segurtasuna eta autokonfiantza ere handitu egiten dira. Horrek ongizatea ematen dio eta ingurukoekin harremanetan jartzea errazten dio.
Medikuntzan oso kasu berezietan baino ez da erabiltzen eta egun ez da anestesia lokal gisa erabiltzen. Oso patologia berezi eta ez-ohikoetan, narkolepsian edo bat-bateko lo sakoneko krisian esaterako, oraindik ere erabiltzen da.
Izan ere, alerta-, borroka- edo defentsa-egoeran dagoenean giza organismoak egiten duena imitatzen du kokainak, hau da, nerbio-zirkuituak eszitatu edo kitzikatzen dituzten neurotransmisoreen eta hormona endogenoen deskarga eragiten du. Horrekin batera, nekea, gosea eta logura gutxitu egiten dira. Horregatik, oso helburu diferenteak lortzeko kontsumitzen da eta, zenbaitek, lan-errendimendua handitzeko erabiltzen dute.
Baina ondorioak ez dira beti atseginak izaten; pertsona batzuei barne-herstura, ezinegona eta insomnioa eragiten die oso dosi txikiak hartu arren.
Neurotransmisoreak neuronen komunikazioa modulatzen duten garuneko substantzia kimikoak dira. Kokainak, emozioak erregulatzen dituzten noradrenalina, dopamina eta serotoninaren jariaketa suspertzen ditu. Kokainak eragindako euforia garuneko nerbio-bideak estimulatzen direlako sortzen da. Neurona noradrenergikoak estimulatzean gogoa piztu egiten da eta, ondorioz, erresistentzia eta muskuluen indarra handitu egiten dira. Horregatik, gehiegi eta etengabe kontsumituz gero, kokainak aldaketa biologiko kaltegarriak eragiten ditu.
ARRISKUAK
Kokaina kontsumitzea beti da arriskutsua, baina kontsumo kronikoak sortzen ditu arazo gehien. Kontsumo kronikoak ez du esan nahi egunero kontsumitzen denik. Ez dakigu oraindik zein den kokaina kopuru “segurua”. Mendekotasuna duen kontsumitzaileak urteak eman ditzake kontsumitzen, laguntza behar duela sumatu gabe. Oso ohikoa da honako esaldi hau: “kontrolpean daukat eta nahi dudanean utzi dezaket...”. Hori egia dela erakusteko, gainera, denbora batez kontsumitu gabe egoten dira eta ondoren berriro ekiten diote.
Kokaina sudurretik esnifatuta kontsumitzen bada, sudur-trenkada kaltetu daiteke eta esnifatzeko hoditxoa batek baino gehiagok erabiltzen badute, askoz errazago hartzen dira gaixotasun infekziosoak.
Kokaina kontsumitzen duten pertsonen arteko genero ezberdintasunak argí eta garbi ikusten dira estatistikak behatuz gero. Tratamendua eskatzen duten hamar gaixotik bi emakumeak dira. Honen arrazoia emakumeek kokaina kontsumitzen ez dutela da? Edo, datu hauek azaltzeko beste arrazoi batzuk daude?
http://www.psiquiatria.com web orrian argitaratutako artikulu batek dionaren arabera, hain adierazgarria den ezberdintasun honen arrazoia emakumeek pairatzen duten gizarte presio handiagoari zor zaio.
“Kokainatik askatzeko espezialista batengana doazen hamarretik bi dira emakumeak, psikiatrak eta desintoxikazio unitateetako arduradunak emakumeak sufritzen duten “gizarte presioari” botatzen diote errua. Adikzio institutuak eta Gizakia Helburu -ko nerabe eta familien unitateak, emakumeen tratamenduen sarbideaz ikerketa baterakideak aurkeztu zituzten, paziente guztien %20 –a, emakume eta gizonezkoen artean ematen den erlazio asimetrikoari, familiako zamen bereganatzeari eta haurren zaintza galtzearen beldurrari lotua agertzen den proportzio eskasa. Horrela azaldu zuten Carlos Llama Gizakia helburukoa eta Rocio Molina, Adikzio institutukoa, Patología Dualeko Elkarte Españarrak antolatu zuen emakumea eta kokainari buruzko biltzarrean. Biek psikologoak, emakumeen kolektiboan ematen den kokaina kontsumoa, gizonezkoen kontsumora gero eta gehiago hurbiltzen dela salatu zuten, baina laguntza eskatzen duten kasuetan finko mantentzen dira 10 urtetik ona.” (2007 –ko azaroaren 9 –an argitaratua).
Hau da, estatistikak ez dira interpretatu behar emakumeen kokaina kontsumoak gizonezkoena baino %80 baino gutxiago izango balira bezala, aldiz pentsatu behar da kontsumo arazotsuak duten emakumeen kolektiboa, ez dutela laguntza profesionala eskatzen beraiengan ematen den gizarte presio handiagoaren poderioz. Honen ondorioz, tratamenduak ez daude emakumeentzako egokituak, errekurtso espezifikoetara sartzeko ezberdintasuna handituz eta hobetzeko saiakeren gehitzea beren eskuz emanez. Jakin badakigu, honek hobetzea zailtzen duela.
Bukatzeko, eragozpen hori gainditzeko garrantzia apuntatu beharko zen, tratamenduak emakumeen beharrizanetara hurbilduz eta egokituz, gizarte presio hori kontutan hartuz.
MOTAK
Koka-landarean hostoak baino ez du kokaina eta, zurtoin bakoitzean, zazpi hostoko multzoak izaten dira.
Zapore garratza du eta mihia sorgortu edo anestesia lokalaren sentsazioa sortzen du. Andeetako herrialdeetan, altitude handiak sortzen dituen arazoei, goseari eta nekeari, aurre egiteko erabiltzen da. Hareharri txiki batekin edo kare hautsarekin batera murtxikatzen dute, aho barruan listu gehiago jariatzeko. Hala ere, fisiologikoki ez dela eragingarria frogatu dute zenbait ikerketak; izan ere, hostoak mastekatzean barneratzen den kokaina kopurua oso txikia baita eta bere ondorioak bi katilukada kaferen antzekoak (Phillips J, R.D. Wynne, 1980)
.
Koka sulfatoa edo oinarrizko orea: basuko, baserolo edo suzuki ere deitzen zaio. Koka egiteko prozesua koka-sailen inguruan egiten da, koka-hosto asko ez garraiatu behar izateko batez ere. Izan ere, kilo bat ore lortzeko 125 kilo hosto inguru behar izaten dira. Ore hori lortzeko, lehenik eta behin hostoa birrindu eta urarekin eta kerosenoarekin nahasten da; ondoren, kerosenoa bereizi eta koka-hostoa baztertzen da; ura eta azido sulfurikoa gehitu, iragazi eta karearekin edo amoniakoarekin nahasten da. Lehortzen denean koka-orea osatzen da. Ore arre beltzaren itxura izaten du, erretzeko modukoa. Baina sarritan ore horrek arazo toxikoak sortzen ditu, orea egiteko prozesuan erabilitako osagaien beruna dela-eta.
Kokaina oinarria: free-base edo base librea ere deitzen zaio. Koka-orea eta eterra nahastetik sortzen da. Beroaren eraginez lurruntzen denean, kokaina oinarri oso ahaltsuaren kristal ia puruak ateratzen dira. Zenbait girotan crack deitzen zaio, eta izen hori hartzen du berotzean karraskatze-soinua egiten duelako. Portzelanaren antzeko itxura du eta birrinduta, berriz, xaboi-ezkatena. Tabakoarekin nahasita erretzen da edo, bestela, ur-pipan berotu eta hortik ateratzen den kea arnasten da.
Kokaina: kokaina klorhidratoa da. Oinarrizko oretik lortzen da, azido klorhidrikoarekin eta etanolarekin azetona aterata. Hauts zuria da, kristalinoa eta zapore garratzekoa. Kale-giroan hautsa (elurra), koka edo farlopa ere deitzen zaio.
HARTZEKO BIDEAK
Kokaina sudurretik esnifatuta hartzen da gehienetan eta dosi bakoitzari “tiroa” edo “arrastoa” deitzen zaio. Zain barnetik ere kontsumitu izan da, baina gaur egun ez da ohikoa, horrela kontsumitzea arriskutsua delako. Erreta (crack) ere kontsumitzen da.
Askotan, kokaina heroinarekin nahasten da (speedball). Kontsumitzaileak kokainaren ondorio azkarrak eta heroinaren eragin lasaigarria lortu nahi izaten ditu, baina kokaina faltagatik crash sentsaziora (berriro kontsumitzeko ezin kontrolatuzko bulkadara) iritsi gabe.
Kokaina hartzeko bideak desberdinak dira substantziaren itxuraren eta tratamenduaren arabera. Kokainaren eragina desberdina da kontsumitzeko bidearen arabera, seguruenik, garunera iristeko denbora gehiago edo gutxiago behar izaten duelako.
| Kontsumitzeko bidea |
Xurgatzeko lekua |
Prestaketa | Garunera iristeko behar duen denbora |
| Ahotik | Urdaila eta hesteak Ahoko mintz mukosoak |
Koka-hostoak Kokaina hidro-kloridoa |
8-10 minutu |
| Sudurretik | Sudurreko muki-mintzak | Kokaina hidro-kloridoa | 2-3 minutu |
| Injekzio bidez | Zain barneko bidea | Kokaina hidro-kloridoa | 12-21 segundo |
| Erreta | Birikak | Kokaina oinarria | 6-7 segundo |
