MITOAK
Kontsumitu ala ez, pertsona batzuek, kokainak benetan ez dituen ezaugarri edo ondorioak dituela esaten dute. Espainiar estatuan mito asko daude kokainaren inguruan. Tokian tokiko usteak alde batera utzita, mito zabalduenak biltzen saiatu gara.
Honako hauek mito faltsuak dira:
Kokaina kontsumitzen baduzu, zureak egin du. Drogarik kontsumitzen ez duten zenbait pertsonaren ustea adierazten du esaldi horrek. Kokaina kontsumituz gero, behin bakarrik izan arren, osasun- eta gizarte-arazo larriak sortzen direla uste dute pertsona horiek. Baina kokaina kontsumitzeak ez du nahitaez arazo larria sortu behar. Ez ahaztu mendekotasuna sortzen duen substantzia dela.
Mozkortuta bazaude kokainak mozkorra kenduko dizu eta alkoholemia kontrola egiten badizute ez duzu positibo emango. Kokaina-kontsumitzaile askok uste dute hori, baina guztiz faltsua da. Kokainak nerbio-sistema estimulatzen du eta, ondorioz, alkoholaren eragin depresorea murrizten du, baina horrek maila kontzienteari baino ez dio eragiten. Alkohola odolean dago eta kokainak ez du desagerrarazten. Alkohola kontsumitu ondoren gidatu behar baduzu eta alkoholemia-kontrola egiten badizute positibo emango duzu, odolean alkohola duzulako.
Kokaina aberatsen droga da eta ospea ematen du gizartean. Garai batean aberatsen droga izango zen agian, baina gaur egun jende askok kontsumitzen du, askorentzat oso garestia izan arren. Gazte askok kontsumitzen dute, erraz eskuratzen dutelako.
Kokaina afrodisiako bat da eta erlazio sexualetan plazera handitzen du. Pertsona askoren irudimenean dabil kokainak beraien erlazio sexualak hobetuko dituela. Izatez, badago kokaina kontsumitzeari hasten den pertsonik kilikadura sexual handiagoa bilatzeko, desinhibitu kontsumitu gabeko egoera batean ausartuko ez ziren praktika sexualak proposatzeko edota egiteko. Kokainak ez ditu beti erlazio sexualak hobetzen, izatez erekzio arazoak eman daitezke gizonengan. Ernaltze organoetan kokaina jartzeari buruz, kasurik txarrenean erredurak agertu daitezke erlazio sexualak hobetu barik. Kokainak erlazio sexualak zaildu ditzake inola ere ez hobetu.
Kokaina egunero kontsumitzeak arazoak sortzen ditu.
Kontsumitzaile askori egunero kontsumitzen hasten direnean sortzen zaizkie arazoak eta mendekotasuna izan dezakete asteburuetan soilik kontsumitu arren. Kokainaren arriskuak ez dira kontsumitzen den asteko egunera mugatzen.
NAHASKETAK
Kokaina nerbio-sistema zentrala estimulatzen duen pizgarria da. Gainera, mugimenezko jarduera eta jarduera kognitiboa handitzen ditu, ernetasuna, alerta-egoera eta arreta edo aditasuna indartzen ditu, eta askotan, euforia sortzen du.
Kokaina aisialdiko eremu askotan dago eta kontsumitzaile gehienek asteburuetan kontsumitzen dute batik bat. Kokainarekin batera bestelako substantziak ere kontsumitzen dira.
Kokaina eta alkohola. Kokaina, seguruenik, alkoholarekin nahasten da gehienetan. Bataren eta bestearen ondorioak antagonikoak dira. Kokainak estimulatu egiten du eta alkoholak deprimitu. Bi substantzia hauek konbinatzean bakarka baino kopuru handiagoa kontsumitzen da. Kokaina eta alkohola nahasita kontsumitzeak osasun-arazo larriak eragin ditzake.
Kokaina eta kanabisa. Kokainaren eta kanabisaren ondorioak ere antagonikoak dira eta bi substantziak nahastean bakarka baino kantitate handiagoa kontsumitzen da.
Kokaina eta MDMA. Kokainak estimulatu egiten duenez, MDMAren ondorioak desagertu egiten dira edo ez dira ohi bezain gogorrak izaten. MDMAren ondorioak lortu ahal izateko dosia handitzen bada, arriskuak ere handitu egiten dira.
Kokaina eta haluzinogenoak. Nahasketa hau ezezaguna da eta horretan trebatua dagoen kontsumitzaileak baino ezingo ditu baloratu haluzinogenoak eta kokaina nahasita nolako arriskuak eta plazerak sortzen diren.